XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTZERKIA Gerrate-osteko belaunaldiak, erdi ezkutuan lan eginez, dena lurperatua gera ez zedin lan gogorra egin zuen, eta ondorengo antzerki-berritzearekin zubi gertatu ziren.

Berrikuntza batzu ekarri zituzten beste herrietako lanak itzuliz eta euskal gizartearen azterketa nahiko ona eginez; baina, oro har, gerrate aurrekoaren antzerkiari lotua zegoen, haren luzapen bat besterik ez zen gertatu.

Baina, poesian eta nobelan bezala, antzerkian ere 1960. urte aldera berrikuntza eta gainditze-nahi estimagarria nabari da.

Berrikuntza honetan Donostiako Jarrai taldeak lan handia egin zuen, bai euskal antzerkian molde berriak sortzen, bai, batez ere, Europa mendebaleko eta Ipar Amerikako zenbait autoreren obrak itzuli eta errepresentatzen.

Garai honetako idazlerik ezagunenak G. Aresti eta Xalbador Garmendia izan ziren.

Antzerki sozialaren belaunaldikoak deitzen ditu P. Urkizuk.

Gerora, isilaldi baten ondoren, indarberritze bat nabari da.

Jarrai taldea desegina zen, baina beste talde berriak sortzen dira.

Benetan profesionaltzeko asmoak ere ez dira falta: hor daude Durangoko Antzerki eskola, eta Antzerki Taldeen Federazioa ere sortua da.

Euskal antzerkia fase berri batean sartu dela dirudi.

Batzuek antzerki experimental edo abanguardista bidetik doaz; besteek haurren teatroa, marioneten teatroa, eta abar egiten dute.

Munduan eman diren teoria berriak aztertuz gainera, euskal kultura tradizionalean aurkitzen duguna ere sartzen da gaurko herri-premietara egokituz.